XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aspaldiko jolasak

Bi makila luze elkartzen dituen soka eta diaboloa bera nahikoa dira arratsalde entretenigarria pasatzeko.

Galdetu bestela plazan dabiltzen neska-mutilei.

Zein baino zein abilago ibiltzen dira arratsalde osoa inungo bideojolas-en beharrik gabe.

Diaboloa gure artean agertu den era berean aldenduko zaigu moden legeak agintzen duenean.

Antzeko zerbait gertatu zen antzinako jolasekin, poliki-poliki iraganean ahaztuta gelditu ziren.

Txirikiletan, tortoliska, elabi-elabika... ea berriro lehenagoko jolasak berreskuratzen ditugun!!!

Erraz konformatzen ziren garai hartako umeak.

Beharko konformatu ere, orduan ez baitzegoen ingeles, akordeoi edota solfeoko klaseetara joan beharrik.

Maistrak agindutakoa egin ostean arratsalde osoa zeukaten jolasteko, beti ere, etxeko mandatuak egin ostean.

Orduko Aretxabaletak ez zuen gaurkoak besteko zabalera, ondorioz herriko gazte gehienak elkarrekin jolasten zuten, lagun koadrila batean.

Egunero bilatzen zuten tarteren bat koadrila elkartu eta jolasean ekiteko.

Eskolan bertan, errekreo orduan, arratsaldean eta baita afalostean ere uda partean.

Zuetako askori ezagunak egingo zaizkizue hemen agertuko diren jolasak, baina gazteontzat berriak izango dira.

Pote zaharka eta elabi-elabika

Uda partean adibidez, afal ostean sarri jolasten zen pote zaharka.

Gaur egun ezagutzen dugun bote-bote jokua da hau.

Talde osoa borobilean jarri eta amia aukeratzen zen.

Honetarako, bat, bi, hiru... hogeitamar arte kontatzen zen, 31 lapur eta mikelete.

Mikeletea amia izango zen.

Tomate edo beste zerbaiten potea ahalik eta urrutien jaurtitzen zen eta amia bila zihoan bitartean beste guztiak ezkutatu egiten ziren.